Hiri-turismoaren erronken inguruko eztabaida egiteko hainbat foro egingo dira Donostian

Hiru egunez, hiri-turismoaren erronkei, iraunkortasunari eta hiritarren arteko elkarbizitzari buruzko gogoetaren gune bihurtuko da Donostia. Horiek guztiak abiapuntutzat bizi-kalitatea duen VISIT-BIZI Donostiako Turismoaren Gida Plan berriko oinarrizko puntuak dira.

Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioak (FEMP) “Kudeaketarako erronka berriak hiri-turismoan” gaiari buruzko mahai-ingurua antolatu du, eta Cristina Enea Fundazioak, San Telmo Museoak eta Donostiako Udalak “Turismo iraunkorra eta hiritarren arteko elkarbizitza” gaiari buruzko jardunaldi irekia egin dute. Donostia Turismoa & Convention Bureauk bi foro horietan, nazioarteko eta Estatuko adituak bilduko dituztenetan, hartuko du parte.

Azken urteotan, turismoak aldaketa sakona jasan du eta, erronka berri horiei aurre egin ahal izateko, turismoguneek beren posizionamendua eta estrategia zein den planteatu behar dute berriro. Testuinguru horren baitan, Donostia Turismoa & Convention Bureauk turismo iraunkorraren eta orekatuaren aldeko apustua egin du VISIT-BIZI Turismoko Gida Plan Berrian. Gainera, erronka berri horien inguruko hausnarketa-foroak eta -jardunaldiak antolatzen laguntzen du.

FEMPek (Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioa) antolatu dituen eta gaur eta bihar egingo diren jardunaldietan turismo jardueran gertatzen ari diren aldaketen inguruko gogoeta egingo dute eta bertako biztanleen bizi-kalitatea eta ingurunea zaintzea ahalbidetuko duten estrategia berriak zehaztuko dituzte.

Foroa toki-garapeneko eragileei eta tokiko erakundeetako turismo eta hirigintza arloetako teknikariei zuzenduta dago. Metodologia barneratzailearen, parte hartzailearen eta praktikoaren bidez, turismo jardueraren kudeaketa iraunkorrarekin lotutako ezagutzak eta tresnak eskaini eta turismoguneetako esperientziak eta jardunbide egokiak partekatuko dira.

Jardunaldi horretan Peter Jordan nazioarteko adituak hartuko du parte. Toposophyn ikerketako zuzendaria da eta 10 urtez baino gehiagoz egin du lan mundu mailako joerak eta turismoguneetan

horiek duten eragina aztertzen. Beste hainbat lanen artean, European Cities Marketing (ECM) turismo-hirien Europako sareko ibilbide-orriaren (“The Manifest on the Future of DMOs”) egilea da. Gainera, honako hauek ere hartuko dute parte: Javier Rodríguez Mañasek, Espainiako Turismo Institutuko Turismo Sektoreko Zerbitzuen eta Estrategiaren zuzendariorde nagusiak; José Hilak, Turismo Batzordeko presidenteak; Ernesto Gascok, alkateordeak; Oscar Perellik, Exceltur-eko ikerlanen zuzendariak; José Fariñak, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Hirigintza eta Lurraldearen Antolamendua Saileko katedradunak; Damiá Serranok, Bartzelonako Turismo Behatokiko arduradunak; eta Bartzelonako, Madrilgo eta Valentziako udaletako turismo arloko zuzendariek besteak beste.

AGORA K2050: “Turismo Iraunkorra eta Hiritarren arteko Elkarbizitza”

Atzo, urriak 18, asteazkena, egin zen “Turismo Iraunkorra eta Hiritarren arteko Elkarbizitza izeneko jardunaldia. Hiritarrei irekita zegoen eta Cristina Enea Fundazioak, San Telmo Museoak eta Donostiako Udalak antolatutako Ágora K2050 konferentzien zikloaren baitan antolatu zen. Jardunaldian honako hauek hartu zuten parte hizlari gisa: Peter Jordanek, Toposophy agentziako ikerketako zuzendariak; Miguel Sanzek, Madrilgo turismoko zuzendariak; Juan Carles Cambrilsek, Valentziako turismoko zuzendariordeak; eta Manu Narvaezek, Donostia Turismoa & Convention Bureauko zuzendaria. Goizean, hiriko sektore turistikoko hizlariekin eta eragileekin lan-saio teknikoa egin zen.

 


San Sebastian Turismo & Convention Bureau-ko albiste gehiago