Turespañak Donostian egingo du turismo jasangarriari bu-ruzko III. Konbentzioa

  • Urriaren 23tik 25era bitartean, Turespaña Konbentzioaren III. edizioa izango da Kursaal Jauregian eta turismoaren eraldaketa jasangarria izango du aztergai, hiru ikuspegi kontuan hartuta: ingurumena, gizartea eta ekonomia. Donostia Turismoaren Plan Zuzentzaile berriarekin bat datorren ikuspegia da, herritarren jasangarritasunean eta bizi kalitatean jartzen baitu arreta.

  • Donostia izango da, beraz, Konbentzioa hartuko duen hirugarren helmuga turistikoa; Konbentzioaren aurreko edizioak Sevillan eta Bartzelonan izan ziren.

  • Konbentzioa Estatuko turismoaren topaleku, koordinazio eta plangintza gunea ez ezik, lankidetza publiko-pribaturako gunea ere bada; bertan, jardunbide egokiak partekatu eta baterako helburuak finkatuko dira. Edizio honetan, nobedade gisa, esperientzia jasangarri arrakastatsuak aurkezteko gune bat egongo da.

RP Argazkia Turespaña Konbentzioa 2023 WEB

Espainiako Turismo Institutuak (Turespaña) eta Donostiako Udalak, Donostia Turismoaren bitartez, Turespaña III. Konbentzioa antolatuko dute, urriaren 23tik 25era, Kursaal Biltzar Jauregian. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren laguntza izan dute.

"Turismoaren eraldaketa jasangarria" izenburupean, konbentzioaren ardatz nagusia turismo jardueraren kudeaketa jasangarria bilatzea izango da, hiru ikuspegi kontuan hartuta: ingurumena, gizartea eta ekonomia. Konbentzioa bi ataletan egituratuko da. Alde batetik, mahai inguru eta txostenen egitarau zabala, Estatuko eta nazioarteko turismo sektoreko ordezkaririk garrantzitsuenetako batzuekin; eta, beste alde batetik, ekitaldiaren hirugarren egunean, beste atal bat, non turismo kontseilariek, Turespañako ordezkariek eta Turismoko Estatu Idazkaritzako ordezkariek aldebiko topaketak egingo baitituzte helmuga eta enpresa turistikoek bidalitako ordezkariekin.

Edizio honetan, berrikuntza gisa, jasangarritasunari buruzko gaiekin lotutako esperientzia arrakastatsuak aurkezteko gune bat egongo da, turismo sektoreko hainbat enpresaren eskutik. Gainera, hainbat enpresak Turespañarekin izan dituzten 4 lankidetza-jardunbiderik onenak aztertuko dira, sinergien adibide gisa balio dezaten eta, horrela, lankidetza publiko-pribatuaren bidean aurrera egiteko.

Konbentzioaren gai nagusiak lotura estua du Donostia Turismoaren Plan Zuzentzailearekin; izan ere, planak jasangarritasunaren aldeko apustua egiten du bere jarduera guztien zeharkako ardatz gisa. Gainera, gastronomia turismoaren eragile jasangarri gisa aztertuko da.

Erakundeak 2021eko abenduan helmuga turistikoak hautatzeko deialdi ofiziala egin ondoren, Donostia aukeratu zuten 2023ko Turespaña III. Konbentzioaren egoitza izan zedin (guztira, 20 helmuga turistiko aurkeztu ziren deialdira). Aurreko edizioetan, konbentzioa Sevillan eta Bartzelonan antolatu zuten.

Mahai inguruak eta hitzaldiak

Turismo sektoreko enpresa nagusien ordezkariak parte hartzaile izango dituen lehen mahai inguruarekin emango zaio hasiera Konbentzioari, eta gai nagusia “Etorkizuneko gakoak: Turismoaren erronkak 2024an” izango da. "Turismo jasangarritasuna: Non gaude?", horra bigarren mahai inguruaren izenburua. Bertan, turismoaren sektorea digitalizaziorantz eta jasangarritasunerantz bideratzeko egindako eta oraindik egin beharreko bidea ebaluatuko dute.

"Ingurumen jasangarritasunaren marketina eta komunikazioa", "Jasangarritasun ekonomikoa eta digitalizazioa enpresan" eta "Turismoak komunitate hartzaileetan duen eragin soziala" mahai inguruetan ondoko gaiak aztertuko dira: ingurumena, gizartea eta ekonomia aintzat hartzen dituen jasangarritasun hirukoitza; digitalizazioa; turismoak helmuga turistikoan duen inpaktua; marketinaren zeregina; eta jasangarritasunaren komunikazioa.

III. Konbentzioan sartzen diren hitzaldien artean, honako hauek nabarmentzekoak dira, besteak beste: "Gastronomia turismo garapen jasangarriaren eragile gisa", chef batzuen eta kudeatzaile gastronomiko batzuen arteko elkarrizketa, eta "Datorren mundua" hitzaldia, non aditu batek gidatuko baikaitu eraldaketa digitalera, adimen artifizialera eta horrek turismoan dituen aplikazioetara daraman bidean. Azkenik, nazioarteko helmuga turistiko batetik etorritako gonbidatu garrantzitsu batekin solasean, "Nola egiten dute beste helmuga turistiko batzuetan?" jakiteko aukera izango dugu.

Bestalde, Turismoko Estatu Idazkaritzak, departamentuan azken urtean egindako proiektuak eta 2024rako aurreikusita daudenak aurkeztuko ditu; eta Turespañako arduradunek ondoko gaiak jorratuko dituzte: erakundearen lan ildo nagusiak; ezagutza sortzearen, nazioarteko marketinaren eta merkaturatzearen arloan helmuga turistikoekin eta sektoreko enpresekin elkarlanean aritzeko aukerak; merkatu igorleen egoera eta joerak; etab. Gainera, joerei dagokienez, joerak aztertzen eta interpretatzen adituak diren izen oneko erakunde eta enpresetako ordezkari talde batek parte hartuko du Konbentzioan.

Donostia, hiri anfitrioia den aldetik, hiri jasangarririk onenetako eta arduratsuenetako bat dela uste dute nazioartean, eta munduko helmuga turistiko gastronomikoetan ospetsuenetako bat da. Konbentzioan zehar Donostiako kultura- eta gastronomia-eskaintza aparta jorratuko da, baita turismo jasangarriaren ikuspegitik aurre egin beharreko erronkak ere.

Donostian egitekoa den Turespaña III. Konbentzioaren egitaraua osatzeko, Donostia Turismoak ongietorriko afari bat eskainiko du Miramar Jauregian, eta astelehenean beste networking afari bat eskainiko da Balentziaga Museoan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.

Konbentzioa estatuko turismoa, helmugak eta enpresak nazioartekotzeko topagune, koordinazio eta plangintza gunea da; horrez gain, lankidetza publiko-pribaturako gunea ere bada, jardunbide onak partekatzen eta helburu bateratuak finkatzen lagundu baitezake nazioarteko turismoa 2024. urteari begira sustatzeko.

Turespaña Konbentzioaren hirugarren edizioan presentzialki bertaratzeko izen ematea joan den uztailean ireki zen, eta urriaren 6ra arte egongo da zabalik Turespañaren webgunean.

Informazio gehiago: https://convencion2023.spain.info

Hashtags: #ConvencionTurespaña #sansebastiantourism #kaixodonostia