Donostia, 2023an estatuan “Turismo Helmuga Adimentsua” bereizgarria lortu duen hiri bakarra

Donostia dti

  • Eskatzen diren baldintza zorrotzak gainditu ondoren, Donostiak “Turismo Helmuga Adimentsua” (THA) bereizgarria lortu du. 2023an bereizgarri hori eskuratu duten hiriak bi dira: estatuan, Donostia; eta nazioartean, Medellin.

  • Jasangarritasun, irisgarritasun, berrikuntza eta teknologiaren alde egindako lanari esker, Donostia Euskadiko lehen “Turismo Helmuga Adimentsua” bihurtu da; THA izatea lortu duten turismo helmugen zerrenda laburrean sartu da, beraz, Benidorm, Gijón, Málaga, Tenerife eta Santanderrekin batera (hiri horiek aurreko metodologiarekin lortu zuten bereizgarria).

Turismo Helmuga Adimentsuaren ereduaren bikaintasuna lideratzen duten turismo helmugen taldearekin bat egin du Donostiak; eta gobernantzan, iraunkortasunean, irisgarritasunean, berrikuntzan eta teknologian oinarritutako etorkizuneko estrategiaren eskutik, garapen turistikoaren abangoardian jarri da, ardatz egituratzaile horiek direla medio.

THA sareak 618 kide ditu eta horietatik 437 turismo helmugak dira. Turismo Helmuga Adimentsuaren bereizgarria soil-soilik esleitzen da baldin eta turismo helmugak THA metodologia osatzen duten baldintzen betetze mailan % 80ko edo hortik gorako puntuazioa lortzen badu.  Estatuan Donostia eta nazioartean Medellin (Kolonbia) hiriak izan dira 2023an THA bereizgarria lortu duten turismo helmuga bakarrak; horretarako erabilitako metodologia berria eta zorrotza izan da. Gauzak horrela, Donostia Euskadiko lehen “Turismo Helmuga Adimentsua” bihurtu da, aurreko urtean helburu hori lortu zuten turismo helmugen taldean (Benidorm, Gijón, Málaga, Tenerife eta Santander hirien taldean) sartuta.

Turismo Helmuga Adimentsuen Sarea eratu zenetik, Donostiako Udala sare horretako kide izan da. Udalak turismo helmuga eraldatzearen aldeko apustua egin zuen, eta azkenean, ahalegin hori gauzatu ahal izan du, Turismo Helmuga Adimentsuaren metodologia Donostia Turismoaren bitartez ezarriz.

Cristina Lagé Turismo zinegotziaren hitzetan: “Donostia etxeko  lanak egiten ari da. Kalitatezko helmuga gara. Gure turismoa ondo zainduta dago, eta bere potentziala eta zalantzarik gabeko erakargarritasuna sektorearen garapen jasangarriarekin uztartu nahi dugu, Donostiako biztanleen nahia aintzat hartuta. Herritar bat gehiago bezala integratuko den turismo baten aldeko apustua egiten dugu, bisitan datozen turistek konpromisoa har dezaten gure hiriarekin. Egindako apustua eta ahalegina aitortu egin dizkigute, eta aitorpen hori halako akuilu bat da, buru belarri bultzatu dugun turismo garapenaren ereduan aurrera egiten jarraitzeko”.

 Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuaren hitzetan: “Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailean, turismoaren arloan lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzen dituzten programen aldeko apustua egin dugu beti, eta THA programak ildo horretatik doaz. Horregatik, THA metodologia eskualdeetara ere egokitzen aitzindariak izan gara gainerako Autonomia Erkidegoen artean. Fitur azokan bereizgarriak banatu genizkien lehen 3 eskualdeak Goierri, Uribe eta Arabako Errioxa izan ziren. Eta beste 5 turismo helmuga aztertzen hasiak gara dagoeneko: Bilbo, Getxo, Bidasoa, Debagoiena eta Arabako Ibarrak”.

Prozesuari hasiera emateko, Donostiak THA diagnostikoa eskatu zuen, eta horren ondorioz, ekintza-plana eta THA diagnostikoa gauzatzeko konpromisoa hartu zen. Eskaera onartu ondoren, diagnostiko faseari ekin zitzaion, 97 baldintza eta 261 adierazle oinarri hartuta; fase horretan, metodologiaren arabera, gure turismo helmugaren heldutasun maila baloratu da, eta, gainera, turismo helmugan aplikatu beharreko ekintza-plana ekarri duten gomendioen `feedback"a lortu da.

Dokumentua entregatu ondoren, estrategia eta plangintza faseari ekin zitzaion; fase horietan, ekintza planaren barruan integratutako ekintzak gauzatzeko prozesua ezarri zen: lehentasunetik edo kalendarizaziotik hasi eta beharrezkoa den arloetan inbertsioak identifikatzeraino.

Aintzatespen horrek bi urteko balioa du eta berrikuntza-prozesu baten mende dago; beraz, turismo helmugak etengabeko hobekuntza-prozesu bat izango du, eta ondorioz, helburuak eta estrategiak berritzeko eta etorkizuneko ingurunearen beharretara egokitzeko konpromisoa hartu beharko da; horrek turismo helmugaren balioa handitzea ekarriko du berekin, THA ereduaren oinarri diren gobernantza, iraunkortasuna, teknologia, berrikuntza eta irisgarritasuna direla medio.

“Turismo Helmuga Adimentsua” programa

“Turismo Helmuga Adimentsua programa Turismoko Estatu Idazkaritzak (SETUR) eta Berrikuntza eta Teknologia Turistikoak Kudeatzeko Estatuko Merkataritza Sozietateak (SEGITUR) kudeatutako proiektua da; horren helburua turismo helmugen lehiakortasuna eta bertako biztanleen bizi kalitatea hobetzea da, ondoko bost jarduera-eremuak ardatz hartuta: gobernantza, berrikuntza, teknologia, jasangarritasuna eta irisgarritasuna.

Turismo Helmuga Adimentsua definizioz turismo helmuga berritzailea da, lurralde turistikoaren garapen iraunkorra bermatzen duen eta guztiontzat eskuragarria den abangoardiako azpiegitura teknologiko baten gainean finkatua dago, bisitariaren eta ingurunearen arteko interakzioa eta integrazioa erraztuz eta bisitariak turismo helmugan duen esperientziaren kalitatea eta bertakoen bizi kalitatea areagotuz.

Helburu horiek lortzeko, turismo jardueraren zeharkakotasuna eta turismo helmuga bakoitzaren ezaugarri bereizleak kontuan hartzen dituen eredu bat finkatzearen alde egiten du THA programak.  97 eskakizun eta 261 adierazle ardatz dituen diagnostiko-metodologia batean oinarriturik dago; horrek berekin dakartza gomendio sistema bat, ekintza-plan bat eta monitorizazio sistema bat,  funtsezko elementuak osatu eta turismo helmugaren kudeaketa etengabe hobetzeko prozesua ahalbidetzen dutenak, horiek denak turismoaren oraingo eta etorkizuneko erronketara egokitzeko.

THA metodologia Donostian ezartzeko prozesuak Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren (Basquetourren bidez) eta Turismoaren Euskal Agentziaren laguntza instituzional eta ekonomikoa izan du, bai eta Donostia Turismoaren udal lidergoa ere, udal arlo guztiekin elkarlanean, beraren mende dauden sozietate publikoekin eta turismo helmugako eragile pribatuekin lankidetzan; izan ere, xede hori ebaluatzeko beharrezkoa den informazioa ematen lagundu du, THA baten giltzarri diren 97 betekizunak eta 261 adierazleak oinarritzat hartuta.